XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izen xarmanta dela entzuna naiz, ederra. Baina nik lehenago ez nuen horrela uste.

Akats handia zuen, maite ez nuen zerbait. Konparazio batekin esplikatuko dut.

Demagun Garazi, nire lagun bihotzekoa. Etxean, aitak Garazi, eta amak Garazi, baita Garazi deitu ere Eider haren ahizpa zaharrenak. Ikastolan ere Garazi zaio, eta berdin gainerako leku guztietan.

Jakina, ene lagunak ez du merezimendu handirik.

Haren izenak ez du balio aho-korapilorik, ez hitz-jokorik egiteko.

Garazik ez du sekula ere entzun Kattalin, nik adina dakin, Kattalin, niri negarrik ez egin, Kattalin, izan hadi beti fin, Kattalin, katuak mihia jan din, eta horrelakoak.

Eta izengoitiak? Sekula akitzen ez den soka!

Aitak Kattalin-gorri deitzen nau nirekin pozik badago.

Eta koleran baldin bada, aldiz, Kattalin-beltz

Amarendako ere, Kattalin-zuri izan naiteke, edo Kattalintzar, edo Kattalin-trapu, edo Kattalin-maisu, haizeak nola jotzen duen.

Mikeltxo anaia gazteenak berak ere, haserretzen garenean, aise botatzen dit: Kattalin-kaka!

Bazen, dena dela, beste izengoiti bat, gainerakoek baino gehiago amorrarazten ninduena: Kattalin-xorgin.